Zuberoa Kalea 21, 20800 Zarautz

Hogei urte dira Mario hil zela

Alberto Aguirrezabal, Felipe Juaristi, Jon Sudupe.

Hogei urte dira Mario Onaindia hil zela. Norberaren bizitzan eta banaka hartuta asko badira ere, gizartearen ikuspegi jori eta zabaletik begiratuta ez dira deus, oso gutxi, hartxintxar batzuk bide ertzean. Batzuek ostikoka hartzen dituzte, beste batzuk saiatzen dira saihesten; bidea egitea da helburu, hastea eta amaitzea baino gehiago. Eta Mario Onaindiak bide asko egin zituen, eta bide asko geratu zitzaizkion egiteke, ez berak nahita: heriotzak galarazi zion. Baina haren bizialdiari erreparaturik, esango genuke ez zela inoiz geldi egon, ezta kartzelan igarotako denboraldian ere. Oinak ezin ibilirik, mugatuta baitzuen itxialdian pausuaren norabidea, burua erabili zuen, ez errealitate gogor eta hertsi hartatik ihes egiteko, errealitatean sakontzeko baizik, testu eta liburuen irakurketaren ondorengo eztabaida bizi eta su-tsuen bidez. Gai bat interesatzen bazitzaion, gai hura agortu arte ez zen paratuko: berdin zen Marx eta bere teoria, berdin euskara batuaren auzia, berdin literatura edo zinema. Haren memorietan dago idatzita Marxen Kapitala euskaratzen saiatu zela, baina berak zeukan hiztegia ez zela nahikoa lan hura ongi eta taxuz egiteko. Beraz, hiztegia ikasten hasi zen, eta, hizkuntzaz jabetu ahala, itzultzen. Adituek diotenez, ez omen dago hizkuntza bat mendean hartzeko modu egokiagorik itzulpengintzan trebatzea baino. Ez omen dago bizitza zer den jakiterik, bizitzen hasita ez bada. Mario oztopoen aurrean ez zen izutzen, ez zen bidetik desbideratzen; ikasi egiten zuen oztopoa nondik eta nola gaindi zitekeen.

Gazte hil zen, zoritxarrez. Inor ez da, ordea, alferrik hiltzen; inor ez dago, hil ondoren, deus utzi ez duenik, gari-aleren bat ez bada, galsoro osoa, ilunabarrean urre kolorez janzten eta dardara eta distira opari egiten diona lekuko denari. Alde horretatik ikusirik, itzela da Mariok egindako lana, eta itzala haren oroimenak oraindik ematen diguna. Ez dira urte asko gogoratu genuela Marioren kemena, Burgoseko epaiketa ezagun eta esanahi handiko hartan. Gaztea zen oraindik, baina garai hartako borrokara ez zuen eraman gaztetasunaren suak bakarrik, arrazoimenaren gogoa ere laguntzaile izan zuen. Gazte zen Francoren gobernuak heriotza-zigorra ezarri zionean, ETAkoa izateagatik; gazte, kartzelan sartu zutenean. Burgoseko epaiketa gogoangarria eta neurri batean mito bihurtu bada zenbait euskaldunentzat, Marioren diskurtsoagatik izan da. ‘Euskadi’ hitzak esanahi berezia hartu zuen, eta, seguru asko, abertzale izatea zertan zen erakutsi ere bai. Izan ere, Mariori, pasioaren sukarrak bezain indartsu eragin zion arrazoimenaren bulkadak. Ez zuen aukeran bata bestearen aldean hobesten, biak ala biak zituen bidelagun on eta zintzo. Biak ziren bere biderako makulu. Biak ziren haren izaeraren bi alderdiak: bata zen teorikoa, eta bestea praktikoa. Ezin bata bestea gabe garatu, ezin biak gabe aurrera jo. Teoriaren ondoren praktika, ez praktikaren ondoren teoria. Teoriak errealitateari atxikitzeko modua ekartzen zion; praktika, errealitatea aldatzeko era zitzaion.

Politika, Makiaveloren arabera, boterea lortuz gero, hari eusteko artea da. Politika, era modernoan, errealitatea gizartearen interes orokorren zerbitzura jar-tzeko modua. Boterea, kosta ahala kosta lortzeko ahalegina atzerapausoa izan da, antzinako eta ez hain antzinako ideologia ba-tzuen oinarri. Mariorentzat politika, teorikoa izateaz gainera, erabat praktikoa izan zen. Ikusi zuenean indarkeriak ez ziola eran-tzuten gizartearen eskakizun eta prestakuntza mailari, indarkeria hori bideratu zuen gizartearen mesederako izan zitekeen alderdi eragile baten bila. Ordura arteko indarkeria uzteak eman zion handik aurrera joateko indarra.

Gogoeta eta ekintza horren ondorioz sortu ziren bai EIA, bai EE. Deus ez da hutsetik sortzen, ekai-tza ere, bat-batean agertzen denean, zerbaiten ondorio da. Zien-tzialarien esku dago zerk ekarri duen eta zergatik agertu den era batean, edo bestean bestela. Gizartean jazotzen diren ekintza eta fenomenoak ere zerbaitek bultzaturik edo norbaitek ekarririk egiten dira ageriko. Politikan buru-belarri sartuta dabiltzanen zeregina da gertatzen denaren berri ematea eta horren eragileak eta kausak zein diren aztertzea. Politikaria, izan ere, menturazale izan daiteke, baina zentzudun: «El aventurero cuerdo» deitu zion Mariok. Eta zentzudunak gutxitan egiten du huts.

Hogei urte Mario gabe, eta zenbat gertaera igaro den denboraldi horretan. Mariok ez zuen ikusi ETAren desagerketa, milaka ikus-entzuleren aurrean. Mariok ez zuen ikusi indarkeriaren babesle izan zirenak joko parlamentarioari ekin eta jarraitzen, arrakasta handiz, gainera; onartuz, Mariok askoz lehenago bezala, demokrazia parlamentarioa beste borroka klase bat dela, alderdien arteko bestelako neurketa. Berak aldarrikatu zuen bidea, baina bera kanpoan geratu zen. Heriotzak ez du barkatzen

Leave a comment